Liburuak

KALEJIRA, FANDANGOA ETA ARIN-ARINA.

Lau atal nagusi ditu Panderoa jotzen ikasteko metodoa DVDak. Lehen atalak Metodoa du izena, eta atal horretan daude bilduta azalpen tekniko nagusiak: oinarrizko mugimenduak, erritmoak -kalejira, fandangoa eta arin-arina jorratzen dira-, erritmo bakoitzari dagozkion oinarriak, partiturak... Adibidezko koplak atalean, Urkizu bera ageri da kopla hautatu batzuk, Bizkaikoak gehienak, ahotsez eta panderoz ematen. Audio pistak atalak doinu batzuekin praktikak egiteko aukera eskaintzen du, «karaoke gisa». Azkenik, Bideografia atalak hainbat musikariren saioak eskaintzen ditu, DVDrako Altzoko (Gipuzkoa) elkarte batean grabatutakoak: Ibon Koteron alboka jotzailea, Tapia eta Leturia, Maixa eta Itziar, Alaitz eta Maider eta Bilboko Udal Txistulari Banda.

DVDa egiten lagundu dioten guztiei oso eskertuta dago Urkizu. «Inolako trabarik jarri gabe eta ordainean ezer jaso gabe kolaboratu dute denek, borondate osoz». Kredituan agertzen diren guztiek eta Trikitixa Elkarteak emandako laguntzaz gain, Jose Inazio Ansorenak emandakoa ere ekarri du gogora: «Berak harmonizatutako abestiak erabiltzeko ez digu inolako eragozpenik jarri. Ez da erraza izaten bere lanak era horretan uzten dituen jendea aurkitzea».

Duela urte batzuk liburuxka moduan kaleratu zuen Imanol Urkizuk panderoa jotzen ikasteko metodo bat, elementu grafikoekin eta musikako CD batekin lagundua. «Liburu hark harrera ona izan zuen», azaldu du, «baina pentsatu genuen jendeari errazagoa izango zitzaiola materiala DVD baten bitartez jasotzea liburu baten aurrean jarrita baino. Horrela jendearengana gehiago hurbiltzea lortuko dugulakoan gaude».